Hara
Barnetasun Programa: norberarenganako Bidea, besteenganakoa eta transzendentziarakoa
Hara, japoniar jatorriko hitza da, pertsonaren grabitate-zentro fisiko, psikologiko eta espirituala adierazten du, barnenean duguna, alegia, garenak izanarazten gaituen hura, geure nortasunaren sakonena den hura.
Hara proiektuak gaur eguneko hezkuntza-paradigmetako batean hezten du: barnetasunean,dimentsio ezberdinetatik. Saio ezberdinetan lantzen da eta saio bakoitzaren ondoren geure barnean sortu izan den bizipen bakoitza partekatu egiten da, saioen oinarrizko zati gisa.
Gorputz Lanketa
Geure baitako barnenenaz jabetzen laguntzen gaituzten gorputz teknika ezberdinak erabiltzen dira: “hemen eta orain” baretasun eta sakontasun handiagoz bizitzea ahalbideratzen digute, gure ingurukoekin berotasun eta kalitate handiagoz komunikatzeko abagunea ematen digute eta geure ni sakonarekin topatzea errazten.
Integrazio Emozionala
Jardueren eta dinamiken bitartez, gogoeta pertsonalaren, elkarrizketaren eta banan banako laguntasunaren bitartez, auto-ezagutza erraztu dezaketen erremintak eskaintzen dira, baina baita bestearen indibidualtasuna deskubritzea ere erraztu dezaketenak.
Transzendentziarako Irekitasuna
Dinamiken bitartez, isilune esperientzien, harridura estetikoen, eskerron jarreraren, jakin-minaren, misterioaren, meditazioan sarbiderako ariketa xumeen bitartez… sortutako barne-esperientziatik abiatuz transzendentziarako irekitasunerantz eraman nahi dira ikasleak. Transzendentzia letra xehez, baina baita letra larriz ere, Absolutuaren esperientzia.
Dimentsio hauek ez dira forma bakartuan lantzen multzoan baizik. Proiektuan proposatzen diren teknikak eta erremintak modu osagarrian jardutea ahalbideratzen dute, horrela dimentsio bakoitza besteei esker aberasturik gertatzen da. Erreminta ohikoenak hauek dira:
Arnasketa: ongi arnasten jakiteak gure isiltasuna sakonagoa izaten laguntzen digute. Mugimendua eta arnasketa elkarrekin eramaten ikasteak orekatu egiten gaitu.
Erlaxazioa: introspekziorako eta meditazioaren hasierarako laguntza da.
Musika: jarduera askoren oinarrian egoten da edota giro egokia sortzeko bide izaten da.
Adierazpen artistikoa: hitza nahikoa ez denean bestelako adierazpideak landu behar izaten dira.
Ahotsaren lanketa: ahotsaren modulazio posibleak deskubritzea ariketa itzela da geure “musika isilarekin” harremanetan jartzeko
Jolasak: baliabide egokiak dira beharrezkoa izango den giroa sortzeko.
Dinamikak: errealitate ezberdinak gogora ekartzen dituzten esperientziak dira.
Bisualizazioak: teknika psikologikoa da zerbait konkretua irudikatzearen bitartez desio den baldintza emozionalera iristeko. Erlaxazioarekin bat eginez meditazio-bide bilakatzen da, meditazio-otoitzaren zentzura irekitzen joan daitekeena.
Hara proiektua ikasleekin, familiekin eta hezitzaileekin lantzen da.